GeoAl proiektua: Alzheimerra duten pertsonen autonomia handitzeko geolokalizazio-gailua 974 888 Iurreta LHI Lanbide Heziketa

GeoAl proiektua: Alzheimerra duten pertsonen autonomia handitzeko geolokalizazio-gailua

2024/25 ikasturtean zehar, hainbat ikastetxek elkarlanean garatu dugu GeoAl proiektua, Alzheimerra duten pertsonen autonomia eta segurtasuna handitzeko helburuarekin. Proiektu honetan, UWB (Ultra Wide Band) teknologian oinarritutako geolokalizazio gailu baten analisia, diseinua eta garapena burutu da, teknologia horren aplikagarritasuna eta egokitasuna aztertuz.

GeoAl proiektua aurreko ikasturtean garatutako GeoIn proiektuaren jarraipena da. GeoIn ekimenean, hainbat komunikazio-teknologietan oinarritutako gailuak garatu eta aztertu ziren, hala nola LoRa eta GNSS + 5G. Aurten, berrikuntza gisa, UWB teknologia landu da, azken urteotan gero eta gehiago erabiltzen ari den komunikazio-protokoloa. Beste teknologia batzuekin alderatuta, UWBk posizionamendu zehaztasun handia, potentzia-kontsumo txikia eta datuen transmisio segurua eskaintzen ditu eta horregatik oso egokia da geolokalizazio gailuetarako.

Proiektuak lau lan-ildo nagusi izan ditu:

  • Elektronika: GeoIn proiektuan garatutako prototipoa tamainan eta energia-kontsumoan optimizatzea eta egokitzea.
  • Telekomunikazioak: UWB teknologian oinarritutako prototipo berria diseinatzea.
  • Ehungintza: Gailu elektronikoa jantzietan integratzeko diseinu funtzional eta ergonomikoa garatzea.
  • Arlo juridiko-soziala: Geolokalizazio gailuaren dimentsio etiko eta legalak aztertzea, pertsonen pribatutasuna eta eskubideak bermatzeko.

Proiektuaren garapenean, gurekin batera honako ikastetxeek hartu dute parte: AEG, La Salle Berrozpe, Easo, Andra Mari Galdakao eta Don Bosco.

Proiektua Tknikaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzaren (Berrikuntza Proiektuen Deialdia) babesarekin gauzatu da.

GeoAl ekimenak berrikuntzaren eta gizarte-ongizatearen arteko lotura estutzen du, teknologia aurreratua bizitza errealeko beharretara egokituz eta premia bereziak dituzten kolektiboentzako irtenbide eraginkorrak eskaintzen ditu. Lanbide Heziketako ikastetxeetan puntako teknologiak txertatzeko eta ezagutzak zabaltzeko aukera paregabea da baita ere.

Top