
EKIMAKER proiektuak sormena eta elkarlana uztartu ditu Kurutziaga Ikastolarekin
Pasa den asteazkenean amaiera eman genion EKIMAKER proiektuari, Kurutziaga Ikastolako batzar gelan egindako ekitaldi berezi batekin. Bertan parte hartu genuen Kurutziaga Ikastolako LH3 eta DBH3ko ikasleek eta CIFP Iurreta LHIIko Heziketako ikasle eta irakasleok.
Proiektu honek irailean izan zuen hasiera, Kurutziagako LH3ko ikasleek beraien “ametsezko makina” marraztu zutenean. Ondoren, DBH3ko Teknologia ikasgaiko ikasleek marrazki horietan oinarrituta maketak eraiki zituzten, eta horietatik hiru aukeratu ziren benetako prototipo bihurtzeko.
Hirugarren fase horretan gure ikasleek hartu zuten parte: Iurretako Lanbide Heziketako “Fabrikazio Mekanikoa” eta “Elektrionika” espezialitateetako ikasleek elkarlanean prototipoetako bat gauzatu zuten. Emaitza ikusgarria izan da: CREEPER izeneko makina sortu dute, imajinazioz eta gaitasun tekniko sendoz egina.
Proiektu honen bidez, sormena, diseinua, fabrikazioa eta talde-lana uztartzeko aukera izan dugu, hezkuntza maila ezberdinetako ikasleen arteko elkarlana sustatuz. Esperientzia aberasgarria eta inspiratzailea izan da denontzat.
Eskerrik asko Kurutziaga Ikastolari aukera honengatik, eta zorionak parte hartzaile guztiei egindako lan bikainagatik!






📸 EKIMAKER proiektuaren azken aurkezpena: Kurutziaga Ikastola eta CIFP Iurreta LHIIko ikasle eta irakasleak elkarrekin sortutako CREEPER prototipoa aurkezten.