“Alkarregaz eraikiz” jardunaldia 1024 768 Iurreta LHI Lanbide Heziketa

“Alkarregaz eraikiz” jardunaldia

Iurreta Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan (LHII) “Alkarregaz eraikiz” jardunaldia antolatu da, Durangaldeko Behargintza Durangoko Merindadearen Mankomunitatearen eskutik.
Gardabera enpresak zuzenduta, Lan-saioa Open Space teknikaren bidez, eskualdeko prestakuntza-zentro, elkarte, enpresa eta udaletako 50 bat eragileren artean hausnarketa partekatua eta sinergiak sortzea bultzatu nahi izan dira.
Helburua egungo egoeraren diagnostiko partekatua egitea, eta eskualdean laneratzea hobetzea ahalbidetuko duten balizko lan ildoak zehaztea izan da. Durangaldean prestakuntzaren eta enpleguaren arloan egunez egun lan egiten duten eragileen arteko topagune eta lankidetza egonkorragoa sortzeko lehen urratsa da ekimen hau. Ildo horretan, Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak iragarri du enplegu- eta prestakuntza-foro bat sortuko dela, eta bertan eskualdeko prestakuntza- eta enpresa-esparruko hainbat eragilek parte hartzeko, hausnarketarako eta lankidetza egonkorrerako gune gisa; horren helburua Durangaldeko pertsonen enplegagarritasuna handitzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea izango da.
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak, bere aldetik, arlo ezberdinetan prestakuntza eta orientazioa gure gizartearen eta gure enpresen beharrekin lerrokatzearen garrantzia azpimarratu du.
Gaur egun, Gizarte Garapenerako Unitatearen jarduera enplegurako prestakuntza planifikatzea eta eskaintzea da, alderdi guztietan, eta arreta berezia jartzen du pertsona orok behar dituen zeharkako gaitasunetan, bai enplegagarritasuna hobetzeko, bai gizarte-posizionamendua hobetzeko.
Bestalde, Ekonomiaren Garapenerako Unitateak aholkularitza integrala eskaintzen du enpresa-proiektu berriak abian jartzeko, hasierako ideiatik hasi eta merkatuan ezarri arte, hartu beharreko forma juridikoa, eratzeko izapideak, fiskalitatea eta kontabilitatea, enpresa-kudeaketako prestakuntza, negozio-planak eta bideragarritasun-planak, enpresak sortzeko diru-laguntzak, kanpo-finantzaketa, etab.