“Iurrelek, sari bikoitza Euskelec-en!”
CIFP Iurreta LHII taldeko Iurrelek taldeak bigarren urtez jarraian proiektu metodologiko onenari eta berdintasun eta emakumeen partaidetzaren aldeko konpromisioaren saria lortu du, bere bikaintasun-ibilbidea sendotuz lehiaketa ospetsu honetan.
Asteburu honetan TKnikak antolatutako Euskelec lehiaketaren IX. edizioa izan da Vitoria-Gasteizen. Euskal Herriko hainbat Lanbide Heziketako ikastetxeek parte hartzen dute eta baita beste erkidego batzuetako eskolek ere. Bertan, ikasleek ibilgailu elektriko bat diseinatu, eraiki eta prestatuko dute hainbat probatarako. Proiektuak ezagutza teknikoa, berrikuntza, talde-lana eta jasangarritasuna sustatzen ditu. CIFP Iurreta LHII ikastetxeko “Iurrelek” taldeak 2025-2026 ikasturtean arlo guzti horiek landu dituzte.
“Iurrelek” ez da soilik talde tekniko bat, ezta espezialitate bakar batek garatutako proiektu bat ere: bere osaeran CIFP Iurreta LHIIko (Automozioa, Fabrikazio Mekanikoa, Elektronika, Administrazioa eta Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta) espezialitate guztiek parte hartzen dute. Eremu horietako ikasleen eta irakasleen arteko lankidetzari esker, proiektu integrala, berritzailea eta diziplinartekoa egin daiteke, alderdi teknikoak, kudeaketakoak eta diseinukoak konbinatzen dituena.
Lehiaketak bi fase ditu. Lehenengoak, teknikoa eta sortzailea, proiektuaren diseinua, berrikuntza eta komunikazioa ebaluatzen ditu, epaimahai aditu baten aurrean aurkeztutako memoria baten bidez. Bigarrenak, dinamikoak, ibilgailuen prestazioak eta ezaugarriak balioesten ditu, slalom-, azelerazio-, gehieneko balaztatze- eta erresistentzia-proben bidez. Proba horietatik eratortzen dira lehiaketaren alderdi guztietan taldeen bikaintasuna aitortzen duten sariak. Maiatzaren 16an, larunbata, ekipoak aurkeztu, boxeak esleitu eta jantziak, ibilgailuak eta ekipoak egiaztatu ziren. Igandean, Maiatzaren 17an, balaztatze, azelerazio, slalom eta erresistentzia probak egin ziren.
CIFP Iurreta LHIIk presentzia nabarmena du Euskelecen hasiera-hasieratik, eta sari ugari jaso ditu hainbat ediziotan. 2026ko IX. edizio honetan, agerian geratu dira berriz ere ikasleen eta irakasleen konpromisoa, berrikuntzarako gaitasuna eta ikastetxearen balioekin bat datorren lan-metodologia.
Ikastetxeak eskerrak eman nahi dizkie taldeari lagundu dioten babesle guztiei, bereziki honako erakunde eta enpresa hauei: Iurretako Udala, Durangoko Udala, Amaya Auto Reparaciones, Alluitz Motor, Tortillas Arripu, Garaje San Miguel Iurreta, Macober eta Bahco. Baita Barrutialde BHI, CIFP Meka LHII eta Somorrostro Heziketa Zentroei ere, beren ikasleekin lankidetzan aritu baitira ibilgailu elektrikoa eraikitzeko faseetan. Eta, bereziki, proiektuan ikasturte osoan ilusio handiz parte hartu duten irakasle eta ikasle guztiei. Proiektu honen arrakasta, batez ere, posible egiten duten pertsonen konpromisoan oinarritzen da.
Txapelketa eguneko argazki batzuk:







Iurreta, 2026ko maiatza


